XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Marrazkia /Dibujo: Joxean.

GAU BATEZ MUSEOAN.

Gaueko hamabiak bost gutxi ziren.

Espaloietako farola barrokoek argi horiz itzalen ingurumariak margotzen zituzten.

Auto eta ibilbideak, hutsik.

Ilargibetea eta izarrak ohizko lekuetan.

Hantxe museoaren harrizko masa iluna beste eraikuntza guztien artean nabari.

Sarreran harrizko zutabe klasiko batzu, ilaran, begiluzeen buruak harri zamatsuen azpian ehorzteko gertu.

Auto arrunt baten barruan argi nimiño bat piztu zen zigarro bati su emateko.

Haren atzean ikatzez edo betunez beztutako aurpegi zuri bat ke zaporetsua tiratuz.

Gabardina zabal baten azpian gordetzen zuen bere gorputza.

Irudi irrifartsu bat zeraman bihotzean, ordulari geldo bat eskumuturrean eta pentsamendu eta kalkulo ugari muinetan.

Irratiaren gainean argazki ttiki borobil batzu zeuden, bat emaztearena, Elisabeth izenez azpimarratua eta bestean Louis izenarekin, alabarena; erdian, bera: hirurak alboko eserlekuaren aurreko apal batetan izkutatu zituen.

Zigarroa hautsontzian sartu zuen bere keetan ito zedin.

Kalean algara batzuk somatu ziren.

Bikote bat, bata takoiluzeko zapaten gainean eta bestea whiski botila poltsikoan, bere ondotik igarotzerakoan, Bertrand bere autoaren eserlekuan hondoratu zen, oharkabean pasatzeko asmoz.

Bikotea, bata likore zuriaren kiratsa zabalduz eta bestea bere oinetakoen hotsaz espaloia dardaraziz, bere ondotik igaro eta kale estu batetan gorde zenean, hasperen batez aurreko beira lausotu zuen.

Isiltasuna nagusitu zen berriro.

Hamabiak. Kanpaia hurrun baten doinu nekatua.

Hamabiak eta minutu bat.

Hamabiak eta bi minutu.

Ordulariari begiratu eta izerdi tanta hotz batzu kopetan behera jausi ziren.

Hamabiak eta hiru minutu.

Bihotzaren taupadak segundoak baino gehiago entzuten ez ote ziren iruditu zitzaion.

Hamabiak eta lau minutu.

Hamabiak eta bost.

Hots batzu heldu zitzaizkion marmolezko zutabeen atzetik.

Bihotza eta ordularia, biak batera gelditu ziren.

Danbateko bat.

Itzal bat eskilaratatik behera abiatu zen, mailak banaka, binaka eta behin baino gehiagotan, hirunaka iraganez eta bide zuzenetik hurrun legokeen lerroa osatuz.

Eremu malkartsu hura bukaturik uste zuenean, botila dizdiratsu bat ahoratu zuen gorgoilari eraginez.

Zuhaitz eta argizutoinen artean galdu zen, harmaila ikustezin berri batekin topatzerakoan erortzeko.

Beirak hausterakoan ateratzen duen zarata entzun zen.

- Merde! - beste hitz ulerkaitz mordo batez jarraitua.

Hamabiak eta bederatzi minutu.

Auto baten atea ireki ondoren giza itxurak eginez zebilen gabardina bat atera eta pauso luzeak emanez kalea zeharkatu zuen.

Zutabe erraldoien mehatxuaz izuturik beharbada, alboko ate ttiki batetara jo zuen.

Gabardina zabaldu eta ehundaka tresna dizdiratsu agertu ziren bere aurrean, era guztietakoak.

Alanbre oker batzu aukeratu zituen eta sarrailean sartzen hasi zen, bata bestearen atzetik.

Bai, gure Bertrand lapurra zen, eta museo batetan irudi irrifartsu bat ohosteko asmotan zebilen.

Atea zabaltzea lortu zuenean, itzalek irentsi zuten.

Beste ate eta sarraila mordoxka zeharkatu ondoren, barruan zegoen iadanik.

Atzean kable moztuak, beira hautsiak eta zaindari loti bat besterik ez zituen utzi.

Aurrean berriz, irudi irribartsua besterik ez zuen zai; hala uste zuen berak behintzat.

Gazte sentitzen zen berriro guzti haiek gaindituta, ez zuen uste ezerk geldituko zuenik.

Gabardinatik planua atera eta linterna ahoan, non zegoen asmatzen saiatu zen.

Barnebide batetatik abiatu, urratsak zenbatuz, eta eskuz horma ukitzen hasi zen.

Burdinsarea topatu eta kendu zuen, eta baita argi gorri mehe batez argitutako zoko bat aurkitu ere.

Soingainekotik atera eta hormazulotik sartu zen.

Bere aurrean irudi ugariz apaindutako hormak agertu zitzaizkion, guztiak berari begira.

Usai arraro bat ere somatu ahal izan zuen, baina ez zion garrantzirik eman, margo zahartuena zelakoan.

Gela batetik bestera pasatzen joan zen.

Egiptiar harrizko irudien artean igarotzerakoan, hotzikara luze batek bere bizkarrezurra bortizki astindu zuen. Gero greziarrak.

Oso ongi ezagutzen zituen jadanik gela haiek, hamar urte lehenago han aritu bait zen lanean.

Honela ezagutu ahal izan zituen alarma sistema guziak eta segurtasunerako gainontzeko tresnak, eta baita museoaren zoko guztiak ere.

Jakituri honetaz baliaturik, ibilia zen beste museo ttikiagoetan lapurretan, garrantzi gutxiko obrak ohostuz, baino aski izan zen behin susmagarrien zerrendan egotea museotik kanpora bidalia izateko.

Oraingoa ordea, azkeneko kolpea izango zen eta baita garrantzitsuena: irrifar misteriotsuaren damaren irudia eramateko asmoa bait zeukan.